2008/05/13
Prezioen igoera 1,1 puntukoa izan zen aurreko hilabetearekin konparatuta. Honen ondorioz, Kontsumorako Prezioen Indizearen urtearteko tasa %4,2an kokatu da apirilean. 2007ko datuekiko konparaketa guztiz kezkagarria da, 2007ko apirilean KPIa %2,4koa izan baitzen. Bilakaera hau mantenduz gero, 2008ko prezio igoera aurreko urtekoa baino altuagoa izango da. Edozein kasutan, urte hasieran Gobernuak egindako aurreikuspena baino altuagoa izango da (%2a).
2008/05/09
Ehundaka pertsonek parte hartu dute Donostian Faustino Orbegozo zahar-etxeko langileen aldeko manifestazioan. Langileek ia hiru hilabete daramate greban euren lan baldintza eta soldatak mantentzea eskatuz. Izan ere, Gipuzkoako Diputazioak soldatak urtean sei mila eurotan murriztu nahi dizkiete eta, aldiz, lan ordutegia 80 ordutan luzatu erresidentzia pribatizatzeko aitzakiarekin.
2008/05/07
Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren albokoaren esanetan, egunetik egunera gero eta argiagoa da Jaurlaritzaren eta osasun arloko patronalaren arteko itun estrategikoa. Urtero osasun arloko aurrekontuen inguruan egiten den txostenaren aurkezpenean Muñozek azpimarratu du Europar Batasunean aztertutako herrialde guztietatik Greziak bakarrik gastatzen duela EAEk baino diru gutxiago osasun publikoan. “Osasun publikoak egiten ez duena pribatuak egiten du. Beharrak ez dira desagertzen eta horretaz baliatzen dira negozioa egiteko ”.
2008/05/06
Basauriko eta Gasteizeko Sidenor enpresako lan batzordeak hiru egunetako greba deialdia egin du. Grebak maiatzaren 8, 14 eta 16an egingo dira lan hitzarmenaren alde, enpresaren zuzendaritzak azken urteetan lortutako hainbat eskubide bertan behera utzi nahi dituelako. Esaterako gaur egun lan-astea 35 ordukoa da, eta zuzendaritzak urteko lanaldia 40 ordutan luzatu nahi du.