2012-ekaineko azterketak: ELAk eskatu dio Osakidetzari hautagai guztiek, onartuek eta baztertuek, aukera izatea ekainaren 15, 16 eta 17ko hautaketa-probetara aurkezteko
Hautagai onartuen eta baztertuen zerrenda argitaratu zenetik azterketa-egunetara hain tarte laburra izan denez, ELAk mezu bat bidali dio posta elektronikoz Osakidetzari honela esanez:
Iñigo Azumendiri:
Mezu honen amaieran gehitu duzu badagoela aukera gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko hilabete baten epean (ekainaren 15etik uztailaren 14ra arte, biak barne); baina deialdiaren oinarri orokorrak jasotzen dituen uztailaren 15eko 1282/2011 Ebazpenaren 12.1 atalaren bigarren pasartean, hautaketa-probak egiteari dagokionez, honela esaten da: “hautagai baztertuak ere aurkeztu ahal izango dira probetara, baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela egiaztatzen badute...”
Gure iritziz nahasmendua nagusitu daiteke hautagaien artean, baita babes gabezia ere; zeren hautagai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak gaur eguerdian, hilak 14, argitaratu dira; hau da, kasu askotan ez da betarik izan gora jotzeko errekurtsoak prestatu eta aurkeztu ahal izateko, Oinarri Orokorren 12.1 atalean esaten den bezala.
Hori dela-eta, probetara sartzerik ez duten hautagaiei atzerakorik gabeko kalterik ez eragitearren, eta asaldapen-egoerarik ez izatearren; ELAren izenean eskatzen dugu hautagai onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzen diren guztiei probak egitera sartzen uzteko, eta horretarako neurriak hartzeko eta aginduak emateko; geroko batean gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenak esango duenaren baldintzapean.
Gure ustez neurri hori, normala ez ezik, ezinbestekoa ere badela, gaitz handiagorik gerta ez dadin.
Gure eskaera kontuan hartuko duzulakoan agurtzen zaitugu.
P.D.: jakinarazpen honen premia dela-eta, ez dugu idazkirik sarrera-erregistroan zigilatu, gure helburua ez da besterik sor litezkeen arazoak aurreikustea baino.


