Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Greba orokorrerako arrazoiak

Greba orokorrerako arrazoiak

2013/04/03
Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiak, "Greba orokorrerako arrazoiak" izenburuarekin iritzi artikulua igorri du komunikabideetara.

 

GREBA OROKORRERAKO ARRAZOIAK

Doktrina neoliberala inon ez da izan krisitik irteteko modua. Egoera bereziki larria da, eta ez gara txantxetan ari. Grezian, hots, krisiari dagokionez aurretik doan herrian, “giza-tragedia” bizi dute. Politika guztia finantzetako zuloaren zerbitzura jarri da. Bai, bankuek Rajoy xaxatzen dute: “Ondo ari zara; segi murrizten”. Bankuek 2012an beste 41.000 milioi jaso ditu; diru hau ez dute itzuliko, eta ekonomioa errealak krediturik ez du jasotzen. Konstituzioa erreformatu zuten bermatzearren zor publikoarekin espekulatzen dutenek beren dirua jasoko dutela. Horretarako dira murrizketak.

Pentsioen beste erreforma bat. Pentsio publikoak moztu ahala, bankariek “beren” pentsio-funts pribatuentzako negozioa sumatzen dute. PPren erreformak areago okertu du 2011n Zapaterok egin zuena. Orduan PPk aurkako botoa eman zuen, esanez atzera botako zuela gobernura iritsiz gero. Gezur hutsa. Hori balio baitute oposizioan dauden alderdien hitzek: ezer ez. Rajoyk “zahartze aktiboa” aipatzen du, gazteen langabezia %50etik gorakoa delarik, erretiroa hartu beharko luketenen bizitza laborala luzatze aldera. Gainera, “iraunkortasun faktorea” inposatzen du erreformak automatikoki egiteko eta sistema publikoa txiki-txiki eginda uzteko. Gora eufemismoak! “Zahartze aktiboa” eta “iraunkortasun faktorea”. Hipokrisia gordina da “iraunkortasunaz” mintzatzea, nor eta enplegua suntsitzen dutenak, soldatak jaitsi edo jornal miserableak erabakitzen dituztenak, patronalaren gizarte-kotizazioak murrizten dituztenak eta esaten dutenak pentsioak kotizazioekin ordainduko direla, sekula ez zergekin.

Aurrekontu publikoak eta enplegua. Arlo pribatuak lanpostuak barra-barra deuseztatzen dituen unean, Gasteizko gobernuak historian izan diren aurrekonturik latzenak egin ditu. Krisiari egiten dion ekarpena, atzeraldi latzagoa, langabezia handiagoa, pobrezia eta desberdintasuna areagotzea. Oinarri bakarra dute, defizita kentzeko grina (Rajoyk %0,7an finkatu zuen, eta Urkulluk honi men egiten dio), eta justutik ezer ez duen zerga-politika. Gastua 1.150 milioitan jaitsiko dute, BPGaren %1,7a alegia, eta hau astakeria bat da. Aurrekontuek, berriro, negoziazio kolektiborik gabe utzi dituzte langile publikoak. Legebiltzarrak aurrekontu-proiektua ez onetsiagatik ere, gobernuak bere asmoa aplikatuko du, Nafarroan bezalaxe. Parlamentuko debatea ezdeusa da. Horixe da parlamentuei gaur egun uzten zaien eginkizuna.

Paradisu fiskalen ereduak porrot egin du. Gure Tea Partyak, atsedenik gabe patronalarentzat lanean dihardula, ekarri gaitu ataka honetaraino, diru-kutxa publikoak hustuta. Alderdiek baztertu egin dute fiskalitateari zor zaion lehentasuna emateko aukera, eta larrutik ari gara ordaintzen. Ez ditugu axaleko erreformak nahi, zeinen bidez aldaketa txikiak eginda gauzak lehengoan jarraituko baitute. EAEn 4.400 milioi eta Nafarroan, 2.070 milioi gehiago biltzeko aukera legoke presio fiskala EBko batez besteko mailaren parera igoz gero. Alabaina, zergen inguruko eztabaida bahituta dauka alderdiak kontrolpean dituen elite batek. Fiskalitatea gure aldarrikapenen erdigunean dago; lau foru-ogasunei eskatzen diegu Kontzertu eta Itun Ekonomikoa beharrizan sozialen zerbitzura jar ditzatela.

Soldata jaitsiera lazgarria nahi dute. Zein da helburua? Jende gutxiagok ordu gehiagoz lan egitea eta gutxiago irabaztea. Horri “barne-debaluazio” deitzen diote, “lehiakortasuna hobetzea”… Baina ezkutatu egiten dute benetako helburua kapitala metatzea dela. Horren ondorioa enplegu gutxiago izatea eta pobrezia hedatzea da. Soldatak ez dira soilik lan-kostu bat. Aberastasunaren banaketan berebiziko garrantzia dute, eta datu ofizialek diotenez, azken 35 urteotan ekonomian gero eta pisu txikiagoa dute. Soldatak, kostu ez ezik, ondasun eta zerbitzuen eskaria dira (ekonomia erreala), zerga-bilketa, gizarte-kotizazioak... Beraz, soldaten alde eginda ekonomia erreala, enplegua eta gizartearen kohesioa defenditzen dira.

Patronal erreakzionarioa. CEOEk (hots, baita Confebaskek eta CEN ere) enpresei gomendatzen die erreformaz balia daitezela “hitzarmenen edukiak aldatzeko, behingoz eta goitik behera”. Eskertzekoa da lur kiskaliaren estrategia horren argi adieraztea. ADEGIk Gipuzkoako Aldundiaren kontrako salaketa sartu du auzitegietan, erakundeak egoitzen hitzarmenean “negoziazioko oreka hausten” omen duelako. Adegik dioenez, Aldundiak inoiz ez omen zuen aldeetako bat lehenetsi. Zinismo hutsa! Bestalde, Confebaskek dio Urkulluren aurrekontuan “gehiegizko gastu soziala” aurreikusi dela. Lotsa galdu dute. Deigarria da hain zakar jokatzea fabore politikoak izatera ohituta dagoen patronalak, nahi duena lortzen duen berberak. Isiltzeko gomendatu beharko liokete; ez baitute hainbesteko zaratarik egin behar (ez dute horretarako beharrik). Gobernuek ez die horregatik kargu hartzen; betikoan gara. Aitzitik, badakite patronala diru publikoaz finantziatzen den lobby bat dela, eta bere eginkizuna soziala den guztia hondatzea dela; horretan ari da hain zuzen.

Demokrazia eta ustelkeria. PPk, bere zuzendaritza korrupzio kasuetan harrapatuta dagoelarik, herritarrak odolusten jarraitzen du. Honek agerian uzten du bizitza demokratikoa zein ustela dagoen, zenbateraino hondatu den. Hego Euskal Herrian politika PPk erabakitzen du; bere neozentralismo eta neoliberalismoa ezartzen du, gobernu guztiek esanekoak izan daitezen. Haatik, politika honek gero eta jende gehiago pobreziara daramanean, men ez egiteko eta desobeditzeko aski arrazoi badago. Agindu batzuk ez dira bete behar. Hau justizia kontua da. Halere, euskal klase politikoan ez dugu ikusten Madrili demokratikoki aurre egiteko borondaterik, ez arlo soziala, ezta autogobernua salbatzeko ere: hauek ditugu, hain zuzen, Lan Harremanetako eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparruaren ardatzak.

Mobilizazio sindikal eta soziala. Esperimentu totalitario bat pairatzen ari gara, pobreen aurkako gerra egin nahi dute. ELAren ustez, soziala den guztia eraisteko erabaki horri greba orokorrarekin erantzun behar diogu. Ezinbestekoa da, politika alternatibo bati balioa emateko. 2009ko maiatzean esan genuen “politikak aldatu ezean, murrizketak etorriko dira”. Arrazoia genuen. Gaur diogu haiei eskuak libre utziz gero soziala den guztia txikituko dutela. Gure erresistentzia ahalmena ari dira neurtzen. Gure buruari galdetu behar diogu zutik zer utziko ote duten. Gobernuek herritarren presioa nabari behar dute, bestelako politikak egitera behartuta egon daitezen. Mobilizazioa beste biderik ez daukagu. Bestalde, patronalari esan behar zaio ondo asko ezagutzen ditugula bere aliatuak: legea eta langabeziak eragiten duen beldurra, gizartea diziplinatzeko. Ultraaktibitatearen galeraz baliatzen dira xantaia egiteko -indartsu sentitzen diren tokietan- soldaten jaitsiera eta erreformaren aplikazio unilaterala ezartzeko. Patronal honi gobernuek nahi duen guztia ematen dioten artean (azken oparia, hitzarmenen salbuespena ezartzeko derrigorrezko arbitrajea), antolakuntza sindikalarekin eta borrokarekin egin behar zaio aurre. Inoiz baino areago aldarrikatu behar da sindikatua dela defentsa kolektiborako gure tresna, baita sindikatuok eta gizarte-mugimenduok elkarrekin egiten ari garen lana ere.

Adolfo Muñoz Sanz “Txiki”

Greba orokorrerako arrazoiak