Gipuzkoako Metaleko bilerak behin-behinean eten egin dira
Dagoeneko duela lau bilera ELAk idatziz proposamen formal bat egin zuen, baina hau ADEGIk gaur arte ez du aintzat hartu; Gipuzkoako patronalak agerian utzi du plataforma idatzia aitzakia merke bat besterik ez dela. Bere helburua benetan negoziazio-mahaia blokeatuta izatea da, aurrerapiderik egiteko inongo aukerarik gabe.
ELAren proposamenaren asmoa negoziatzen hastea da, bi oinarriren gainean: egungo baldintzak mantentzea eta hitzarmenaren egitura ez dela aldatuko bermatzea. Proposamen honekin ELAk eutsi egiten dio akordiora iristeko borondateari; sindikatu honek Gipuzkoako metalgintzako enpresa guztietan aplikazio orokorra izan eta gutxieneko baldintzak bermatuko dituen hitzarmena nahi du.


