Hemen zaude: Hasiera ELA-ri buruz Historia 2000-2007

2000-2007

Testuingurua

historiaXIX. mendeko azken urteek aldaketa garrantzitsuak ekarri zituzten euskal gizartera. Politika arloan , Nafarroa (1.841), Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako (1.876) Foruen deuseztatzeak egoera nahasia sortuko du. Industrial iraultzaren haserak, espainiar estatuko imigrazioaren ondorioz, biztanleriaren hazkunde nabarmena eragingo du, batez ere Bizkaian. Ezkerraldeko mehatzetan lan egitera etorriak, lan-baldintza eta bizitzeko benetako miseria eta esplotazioa jasatzen zuten, eta ideología sozialistadun lehenengo langile taldeak eratu zituzten. Hala ere, euskal langileen zati haundi batek, bere abertzaletasunaren defendatsailea zenak, ez zuen bat egin talde hauekin eta babesgabetasunetik eta estuasunetatik ihes egiteko erakunde propioaren beharrean aurkitu zen.

2000. Emakumeen Martxa Mundiala

Mundu mailako mobilizazioaren ideia Quebecen jaio eta Beijing-eko emakumeen konferentzietara eraman zen. Baina, azkenik, emakumeen aurkako bortizkeria eta txirotasunaren aurkako martxa 2000n ospatu zen.

Jesús Maria Pedrosaren erailketa

Ekainaren 4an, ETA-k Jesús Maria Pedrosa Urkiza PP-ko zinegotzia eta, 80. Hamarkadatik ELA-ko afiliatua erail zuen Durangon. ELA-k honakoa adierazi zuen: "Euskal gizartea gizarte anitza da, baina ez da gizarte banatua. Herriak, herri xeheak, pentsamoldeen gainetik, elkarbizitza egiten du eta egitasmo komunetan hartzen du parte eta horrela jarraitu nahi du. Jesús Maria Pedrosa bera dugu horren adibide garbia".

 

Elkarrizketa eta distentsioaren alde

"Euskal presoak Euskal Herrira -Por el diálogo y la distensión- Langilegoarekin bestelako gizartea" Hauek izan ziren Bilboko erakustazokan, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, ELA-ko 1000 koadro eta militante inguru bildu zituen itxialdi-baraualdian egindako hausnarketa-jardunaldiaren lemak.

X. Kongresua

Abenduaren 1 eta 2an, Bilbon X kongresua ospatu zen, Langileon garaia- Vamos a hacernos respetar lemapean. Sindikatuko zuzendaritzako bost kargu historikoren ordezkapenak une hunkigarria izan zen. Onartutako txostenak eta erabakiek, izaeradun eredu sindikala beresten zuten, bai eta burujabetasun demokratiko, baketsu eta izaera sozial nabarmenaren aldeko apostua ere.

2001

2001. Gutun Soziala

ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuetako milaka eta milaka delegatuk Euskal Legebiltzarraren aurrean burututako manifestaldian hartu zuten parte. Bertan PNV, PP eta PSE alderdiei , Gutun Soziala desnaturalizatzea egozten zitzaien, gehiengo sindikalak eta legegintzako herri ekimenak eskatutako gutxieneko errenta baino txikiagoa onartu baitzuten

Nafarroa eta euskara

ELA-k zalantzarik gabe kultur genozidiotzat jotzen du Nafarroako Gobernuaren aldeti daramaten Euskararen (Lingua Navarrorumaren) aurkako politika. Nafarroako herri administrazioetan euskararen erabilera arautzen duen UPN-ren foru-dekretua da azken erasoa: Euskarak ofizialtasun izaera galtzen du eta Ingelesa edo Frantsesa bezalako kanpoko edozein hizkuntzaren parean geratzen da.

Lan erreforma amaigabearen atal berri bat

Espainiako gobernuak, langileen eskubideei urratu ederra egiten dien lege dekretu batez itxi zuen lan erreformaren inguruko elkarrizketa. Erreformaren sakoneko estrategiak- enpresarioen botereari mugak kentzea- etapa berri bat bete zuen. Ulertezina dirudi UGT eta CCOO estatuko sindikatu bien partaidetza. Baina berriz ere egingo zuten pentsioen erreformaren eta negoziazio kolektiboaren elkarrizketa sozialean.

90. Urteurrena

ELA-k bere 90.urteurrena ekitaldi ezberdinen bitartez ospatu zuen: lehenengo egoitza egon zen lekuan plaka bat jarri zen, hitzaldiak, mintegiak? Ekitaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian bukatu ziren, 1000 afiliatu baino gehiagori egin zitzaien omenaldi batekin. Arrazoi beragatik, urteko Negoziazio Kolektiboaren inguruko hitzaldia Eibarreko Astelena frontoian ospatu zen (diktaduraren osteko 1. eta 3. Kongresuak ospatu ziren lekuan).

Estaturik gabeko nazioen jardunaldia

Aurtengo ekainean, Montrealen, nazio-arazoaz arituko dira hurrengo sindikatuak: Quebec-eko Confederation de Sindicats Nationaux (CSN), Eskoziako Scottish Trade Union Congress (STUC), eta ELA. Partaideak bat datoz proiektu subiranista batean gizarte-ereduak duen garrantziarekin.

Lan-ezbeharrak izugarri ugaldu

Urtarriletik ekainera arte 70 pertsona hil dira lan-istripuetan. Gainera, 412 pertsonak zauri larriak jasan izan ditu, eta istripuengatik emandako baja-kopurua 39.038koa izan da. ELAk salatu du ez dela nahikoa legea aldarrikatzea. Legea indarrean sartu zela sei urte igaro badira ere, oraindik jarraitu behar dugu eskatzen enpresei betetzeko eta Administrazioari izurri hori bertatik erauzteko.

Sakabanaketa hilgarria da

Gartzelan zituzten senideak bisita egitera zindoazela Soraluzeko bi auzokide hil ziren errepidean istripuz. Hori dela-eta manifestazio bat egin zen Bilbon, “Denon artean, Euskal presoak Euskal Herrira” izenburupean. ELAk bat egin zuen deialdiarekin, zuzentasunez eta gizalegez eskatzekoa izateaz gain, euskal herritar gehienen nahia ere hori delako.

Komenientzia-banderak

Garraioko Nazioarteko Federazioak (ITF), non ELA kidetuta dagoen, kanpaina bat sustatu du, komenientzia-banderak ezabatu, itsasontziek jatorrizko herrialdeko bandera berreskuratu, eta nazioarteko gutxienezko arau batzuk errespetatzeko helburuaz.

Proposamenak Eusko Jaurlaritzarentzat

ELAk zenbait proposamen aurkeztu du eratu berri den Eusko Jaurlaritzaren programarako. Gizarte-eskumen gehienak (osasuna, hezkuntza, oinarrizko errenta...) Administrazioaren esku daudenez, zehaztasun gehiago emateko eta horretara bideratzen den gastua handitzeko eskatu dugu.

Qatarko gailurra

CIOSL eta CMTren deiei erantzunez, ELAk, beste euskal erakunde eta gizarte-mugimenduekin batera, Bilboko manifestazioan parte hartu zuen. “Justizia globalizatu, mundua ez dago salgai” lemapean, Munduko Merkataritza Antolakundeak Qatar-en egin duen gailurraren aurkako protesta egin zen.

2002

 

Porto Alegre 

Batzarrak eta tailerrak burutu ziren, sindikatuek hurrengo gaien inguruan hartu behar duten jokabideaz: globalizazio neoliberala, subiranotasuna, herri indigenak, finantza-merkatuak, kanpoko zorra... ELAk “Gerrarik gabeko mundua” izeneko batzarrean hartu zuen parte, eta zituen mahaietako batean Euskal Herriaren egoeraz aritu zen.

Lizarratik Garazira

Aurtengo Aberri Eguna dela-eta, ELAk bat egin du Abertzaleen Batasunaren ekimenarekin. Ekimenaren barruan ibilaldi bat antolatu du, bi herri horiek lotzeko, oraingo esparru juridiko-politikoa gainditzeko, gure herriak etorkizuna libreki erabakitzeko aukera izan dezan mugimendu zibila antolatzeko, eta borroka armatua behingoz eta betiko bertan behera uzteko.

Bartzelonako gailurra

ELAko 1000tik gora militante joan dira Bartzelonara, Sindikatuen Europako Konfederazioaren deiari erantzunez, Europa sozialagoa egiteko, lan-eskubideei begirakoa, herrien Europa eta autodeterminazio-eskubidea onartzen duena.

“Prozesu subiranista baterako apunteak”

Agiri horren bidez Nazio Batzordeak lan-proposamen bat atera du, autodeterminazio-eskubidea onartarazteko, eta hori erabilita subiranotasuna lortzeko. Erabat biribilduta egon gabe ere, datozen urteetan erabiliko dugun tresna izango da, gogoeta egiteko, eztabaidak izateko eta gure lan-ildoa urratzeko.

E-19: Greba orokorra

ELAk, LAB eta beste erakunde batzuekin batera, greba orokorrerako deia zabaldu zuen, UGTk eta CC.OO.ek deitutakoaren bezperan, Gobernuaren lan-erreforma berriaren aurka, erreformaren ondorioz langabeen egoera are okerragoa izango baita; baina, dena dela, Estatuko sindikatuei txeke zuria eman gabe.

Etxebizitza

Manu Robles-Arangiz Fundazioak azterlan betea bezain interesgarria argitaratu du, bertan Euskal Herriko etxebizitzaren egoera jorratu du ELAko Azterlan Kabineteak.

Euskadiko Erkidegoko estatutu politikorako proposamena

Nazio Batzordeak, hasteko, ontzat eman du proposamena; izan ere, dituen prozeduraren eta helburuen izaera eta zehaztasuna kontuan izanda, erreferentzia politiko berri bat izango baita. Dena dela, akatsen bat aipatu behar izanez gero, indarrean dagoen legeria hertsiki betetzea, eta etorkizunari eusteko behar diren aliantza politikoak eta sozialak lotu gabe uztea azpimarratzekoak dira.

Fiskalitatea

EAEko, Nafarroako daturik ez dago, aberastasun-banaketaren aurtengo txostenaren arabera, aberastasuna alde guztietatik ugaldu da; gastu sozialari eta lanaren errentei dagokien pastel-zatia, ordea, murriztu egin da. Ondorioa oso argia da, sindikatuak erreibindikazio-ildotik jarraitu behar du, azken urteotan lortu diren emaitzak hobetzeko.

Adierazpen-askatasuna

ELAko mila ordezkarik hartu zuten parte “Manifestazio eskubidea denontzat: debekurik ez. Todos los proyectos, todas las ideas, todas las personas” lemapean egin zen elkarretaratzean eta ondoko manifestazioan. Helburua protesta plazaratzea zen Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren aurka, “Demokrazia Euskal Herriarentzat” manifestazioa debekatzeagatik.

2003

Guduaren aurka

ELAko Nazio Kontseiluak bere gain hartu du Florentziako eta Porto Alegreko Gizarte Foroek egindako deia, zeinek bere esparrutik, gerrari eta militarismoari aurre egiteko. Nazioarteko gatazkak planteamendu politiko eta demokratikoetatik konpondu behar dira. Gizartearen ardatzaren atalak hauek izan behar dira: elkartasuna, aniztasuna eta elkarrenganako begirunea.

Egunkaria itxita

Sindikatua haserre agertu zen, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra ixteko berria jakitean, eta adierazpen-askatasunaren aurkako erasotzat jo zuen gainera, babesgabezia eta berme demokratiko eskasak ere salatu zituen. Espetxeratuen askatasuna eskatu du ELAk, eta agertu die bere elkartasuna eta begirunea, horretarako antolatu den manifestazioarekin bat eginez.

Aparteko kongresua

ELAk bere Estatutuak aldatzeari ekingo dio, “4 x 12 = 29” antolamendu-plan berria hobeto bideratzeko. Lau federazio egongo da, lauak berdintsuak tamainan eta pisu politikoan; 12 eskualde, orain arte bezala; eta herri-batzak, guztira, ea 29 finkatzen diren –hori izango da behintzat helburua-.

2004

Mª Cristina hotela

Donostiako hotel horretako langileek orain arte egin den gatazkarik luzeenetariko bat burutu dute. 76 eguneko greba egin ondoren, adostasuna lortu zuten azkenean ugazabekin, Starwood nazioarteko hotel-taldeko zuzendaritzarekin alegia.

XI. Kongresua

Azaroaren 26an eta 27an egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian. Kongresuaren protagonistak sindikatuko militanteak izan dira: ELAko egituretatik etorritako 700 lagunek, Nazio Batzordeko 36 kideekin batera, parte hartu zuten bozketetan eta eztabaidetan, ponentziak eta ebazpenak lantzen eta ateratzen.

Gure Neoliberalak

ELAk euskal erakundeen politika neoliberalak salatu ditu: pribatizazioak, azpikontratazioak, diskriminazioa, kudeaketa txarra... Argi dago gure agintariak gusturago daudela merkatu-legeen peko gizarte batean, langileen beharrizanak erantzutea helburu duen gizarte-eredu batean baino.

FCC-Basauri

Basauriko udal-eraikinak garbitzeko ardura duten FCCko ia 40 langilek mobilizazio ugari eta 9 hilabeteko greba egin dute, beren duintasuna berreskuratzeko asmoz. Laudo batez amaitu da greba, eta gura zuten soldata-igoera onartu ez bada ere, gainerako erreibindikazioak bidezkotzat jo izan dira.

Jaietan Jai

Elkarren jarraiko manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dira jai-egunetan irekitzearen aurka, eta Eusko Jaurlaritzari 8 jai-egunetan irekitzea uzten duen bere dekretua erretiratzeko eskatzeko: “Jaietan Jai. Aquí  0”

2005

 

Europako Konstituzioaren Itunari EZ

ELA berehala kokatu da Europako Konstituzioaren aurka, ez baititu oinarrizko eskubideak bermatzen; herrien autodeterminazio-eskubidea nahita aipatu gabe uzten du; nagusitasuna merkatuari ematen dio, eskubide sozialei eman beharrean; eta lan- zein gizarte-arloko eskubideetan, aurrerapausoak baino, atzerapausoak ematen ditu.

Manu Robles-Arangiz Fundazioa Iparralden

Manu Robles-Arangiz Fundazioak bere burua aurkeztu du Baionan. Bertako Kordelgileen karrikan irekiko du ordezkaritza bat. Txetx Etcheverry izanen da ordezkaritza horren arduraduna. Bertan, euskal kultura sindikalaren inguruko prestakuntza-saioak, zabalkunde-lanak, argitalpenak, mintzaldiak, mintegiak eta abar antolatu eta emanen dira.

“Asaldatze demokratikoa prestatu, subiranotasuna irabazteko”

Abagune politikoa aztertzen duen agiria da. Batez ere, gure militanteen ekintzen eta gogoen orientagarri izatea du helburu, eta baita jendeari, garai erabakigarri honetan, gure pentsamoldeen berri ematea ere.

Caballito.

Euskal Herriko langile-mugimenduaren grebarik luzeena, 745 eguneko greba, egin ondoren, ELA, ESK, USO eta UTL sindikatuek akordioa sinatu zuten enpresako zuzendaritzarekin.
 

2006

 

Euskara eta lan-mundua.

ELAk bilera egin du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailekoekin lan-munduko euskararen egoera aztertzeko, eta esparru horretan hizkuntza normaltzeari begira eman daitezkeen pausoak ikusteko.

Ondare historikoa

Bahituriko ondare historikoari buruzko lege-dekretua onetsi ondoren, ELAk bere desadostasuna erakutsi du, bai espedienteak aurkezteko epe laburragatik, bai dekretua onetsi baino lehen inolako kontsultarik egin ez izateagatik. Erakunde historikoa izan arren, aipatu ere ez dute egiten dekretuan.

Bolkestein zuzentaraua geldiarazi

Euskal gehiengo sindikaleko sindikatuak (ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, HIRU, ENE, ELB eta CGT) otsailaren 14an mobilizatuko dira Bolkestein zuzentarauaren aurka. Zuzentarau horren helburua zerbitzuen liberalizazioa da Europako merkatuan, bai zerbitzu pribatuak, bai interes ekonomiko orokorrekoak —guk publikoak esaten ditugunak—.

Asier Lazkanoren heriotza

Asier Lazkano, Gernika-Durango eskualdeko Hainbat Federazioko arduraduna, hil zen; bere autoa itsasora jausi baitzen Bermeoko portuan, langileen bilera batera joan zela. Laudion, hileta-elizkizunaren ondoren, agur-omenaldia eskaini zion ELAk sindikalista abertzaleari.

LHE (Legegintzako Herri Ekimena)

ELAk —ESK eta STEE-EILAS sindikatuekin batera— Legegintzako Herri Ekimen baten aldeko kanpaina bultzatu du, proposamen jakinak eta zehatzak aurrera eramatearren zenbait arlotan, besteak beste, osasunean, menpekotasunean, etxebizitzan, hezkuntzan... Beharrezkoa da 30.000 sinadura biltzea EAEn, eta 7.000 Nafarroan.

Konponbide garaia da. Euskal Herria-Erabakia-Adostasuna

ELAk bere militanteei deitu die aipaturiko izenburuko manifestaziora joateko. Apirilaren 1ean izango da. Herriaren mobilizazioa beharrezkoa da. Hori dela-eta, egun horretan Bilbon bilduko gara Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela sinesten dugunok —alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte-erakundeak eta lagunak—.

Lan-erreforma eta pentsioen erreforma

Maiatzean barrena, Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak, eta UGT eta CC.OO. sindikatuek aipaturiko bi erreformak sinatu dituzte. Lan-erreforma beste pauso bat izan da lan-egonkortasuna hondatzeko, eta langileak merkeago kaleratzeko; pentsioen erreforma, bestalde, azken urteotako erreformen ildotik joan da, helburu bakarra pentsioen gastua gutxitzea izanik.

ELAk erakunde-harremanak hautsi ditu CEBEKekin, eta bertan behera utzi du bere partaidetza Lan Harremanen Kontseiluan.

Hormigoi eta Harrobietako sektoreko 2002ko negoziazioetan greba egin ostean, Eraikuntza eta Zuraren Federazioko bost kideri akusazio penalak egotzi zizkioten. Hori dela-eta, Nazio Batzordeak erabaki du CEBEKekiko erakunde-harremanak haustea, eta Lan Harremanen Kontseiluan duen partaidetza bertan behera uztea.

CSI

ELAk, CIOSLeko eta Lanaren Mundu Konfederazioko kide den aldetik, ordezkaritza bat bidali du CSIren eratze-kongresura. Ordezkaritza horretan idazkari nagusi Jose Elorrieta eta Nazioarteko Arloko arduradun Laura Gonzalez de Txabarri buru aritu dira.

Hauteskunde sindikalak

 Urteko azken lauhilekoan hauteskunde sindikalen aldi trinkoa izan da, eta langileek ELAri eman diote berriro beren konfiantza, EAEn gehiengoa lortu baitu berriz (%40,70), eta Hego Euskal Herrian %35,98.

2007

Lan-ezbeharren tasa

Hego Euskal Herrian 103 langilek galdu zuten bizitza lanpostuan: 78 EAEn, eta 25 Nafarroan. Aurtengo hilabete eta erdi eskasean badaramagu 17 hildako.

AHT

ELAk sentsibilizazio-kanpaina bati ekin dio, Abiadura Handiko Trenak oraingo beharrizanak beteko ez dituela salatzeko, eta aldi berean, gizartearen itxaropenak beteko dituen tren soziala sustatzeko.

Arrasate: 16-M Negoziazio kolektiboko jardunaldia

Enpresen sindikalizazioa landu, negoziazio-esparru berriak irekitzeko dinaminak sortu, azpikontratazioari eta ezbeharrei aurre egin... gai horiek, besteak beste, aztertu zituen Negoziazio Kolektiboko arduradun Adolfo Muñozek (Txiki) 1800 ordezkariren aurrean eman zuen hitzaldian. Gero, manifestazioa egin zen Arrasateko kaleetan zehar eta MCC taldearen aurrean.

German Kortabarria

Ekainaren 19an German Kortabarriak Batzorde Eragilean duen postua utziko du, barne-arautegian ezarritakoarekin bat. Batzorde Eragilearen barruko ardurak berriz banatzeaz gain, idazkariorde nagusiaren kargua ere eskuz aldatuko da, eta aurrerantzean Adolfo Muñozentzat izango da, eta Patxi Agirrezabalak, bestalde, Komunikazio eta Prentsaren ardura hartuko du bere gain.

Gernika 10 urte

Urriaren 18an, 10 urte beteko dira Gernikako ekitaldia egin zenetik. Orduan, estatutuaren heriotzaren berri eman zen; izan ere, Estatuak gizarte-dimentsioa ukatu zion, eta gainera, ez du eskaini gure autogobernua garatzeko gutxienezko bermerik. Gaur, berriro esan behar dugu ez dagoela autogobernurik gizarte-dimentsiorik gabe, eta beharrezkoa dela indarrak batzea prozesu subiranista abiarazteko.

ELA Hobetuztik atera da

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio etengabeko prestakuntzaren bertako eredua izateari, eta Hobetuz sukurtsal moduko bat bihurtu du, Espainiako etengabeko prestakuntzaren eredua kudeatzeko agentzia laguntzailea. Hori dela-eta, ELA eta LAB patronatu horretatik erretiratu dira.

18/98 epaia

ELAk salatu du Espainiako Estatuko botere politikoa Justizia Administrazioaz baliatu dela bere interesen alde. Indarrean dagoen PSOEren eta PPren arteko estatu-itunak uko egiten dio gure Herriari etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko eskubidea, eta gainera, eskubide zibilak eta berme prozesalak urratzen ditu. Guk berriro ere agertzen dugu gure konpromisoa, partehartze politiko eta soziala ganoraz bilatzen dituzten ideiak eta proiektuak babesteko.