Hemen zaude: Hasiera aktualitatea Iritziak Legez kanpo (Astekaria 234. Editoriala)

Legez kanpo (Astekaria 234. Editoriala)

2008/02/01

Estatuko Gobernuak bi alderdi politikoak legez kanpo uzteko erabakia hartu du. Horretarako, estatuko fiskaltza eta abokatutzari agindu zehatzak eman dizkio legez kanporatze hori ahal den azkarren gauza dadin. Ezin uka erabakiaren atzean PSOE eta PPk burutu zuten burdinazko ituna dagoela eta, haren ondorioz, indarrean jarritako Alderdien Legea. Eskubideen urraketan irekitako bideari –aurreko legez kanporatzeak, 18/98 sumarioa, Egunkaria, torturak eta abar luze bat– jarraipena ematen dio erabaki honek, eta ez dago zalantza izpirik ere azkenak ez direla izango pentsatzeko. Bide horretan, ñabardura gutxi dago aipatzeko PSOE eta PPren artean.

Datozen hauteskundeetan alderdi horien partaidetza galarazteko interesa agerikoa bada estatutik, oso larri-tzat jo behar da partaidetza politikoa ukatzea milaka herritarren botoak jaso dituzten alderdiei. Demokratikoki onartezina delako honelako prozedurak burutzea, eta nagusiki, euskal gizarteak espresiobide politiko horiek behar dituelako eszenatoki politikoan.

Estatuko estrategiak, besteren artean, hauteskundetako emaitza politikoak desitxuratzea du helburu. Horretarako, estrategia horrek beste aldean, alde armatuan, jarrera itxia behar du, sakoneko estrategiak berrikusteko borondaterik ez duen jarrera, alegia. Ondotxo dakite estatuko alderdiek beren interesak arriskuan jar daitezkeela  baldin eta bide zibil eta demokratikoak defendatzen ditugunok elkarrekin plangintza zehatza adosteko gai bagara. Hor dago gakoetako bat, funtsezkoa eta bete beharrekoa.

Politika errepresiboari aurre egiteko gure konpromisoa berretsi egiten dugu, baina horrekin batera beharrezkoa deritzogu erantzun zehatzaz gain bestelako dinamika politikoa irekitzea. Eta horrek borroka armatuaren birplanteaketa estrategikoa exiji-tzen du bihar baino orain. Batetik, estatuaren politika bortitza eta basatia biluztu eta agerian uzteko eta, bestetik, abertzaleen arteko lankidetza ahalbideratzeko.